XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hil-ala-biziko arazoa izan ohi zen lur horiena.

Polis bakoitza, bere bizi-espazioa zabaltzen saiatzen zen.

Hori zela eta, hirien arteko burrukak etengabeak izan ziren Grezia-ko historian.

Bestalde, hiri osoaren beharrizanetatik aparte, hiriko klaserik boteretsuenek, aberastasun agerbidetzat hartu zuten lurra eta gutxi batzuren eskuetara bildu beronen jabetasuna.

Lurjabe handi hauek, Aristoi bezala izendatzen zituzten beren buruak, hau da, onenak edo bikainenak ziren.

Gobernua beren eskuetara ekarri zutenean, goberna molde berria aristokrazia deitu zuten, hots, onenen gobernua.

Egoera berri honen emaitza azpimarkagarrienak hauetxek dira: a) Geroz eta areago urritu ziren lurjabe txikiak.

Askok bere lurrak galdu egin zituen, eta zorren ondorioz esklabu-mota berri bat agertu zen.

b) Boterea Aristoi zirelakoen eskuetan geratu zen.

Eta berauek gutxi batzuk zirenez, oligarkia izenez definituko da haien gobernabidea.

Gutxi batzuren gobernua, alegia.

c) Bilakaera honen ondorioz, burruka sozialak ugaritu egin ziren; Grezia-ren historian, ildo sakona urratuko du egitura sozial horrek, gizarte hari ezinegon eta ezegonkortasun ezarriz.

d) Lur-eskastasunak emigrazioa bultzatu zuen, Mediterraneo-aren Ipar-ekialdeko kostaldeak greziar koloniez ereinez.

e) Gehiengoaren pobretzeak, bestalde, tiranien sorrera ekarri zuen eta erreforma sozialetan ahalegintzea.

Arte geometrikoa (750-725).

Atena-ri, jainkoek eraikitako aberri honi, galduak zituen hainbat eta hainbat gauza itzuli nizkion.

Hala nola, merezita ala gabe salduak izan zirenak edota goseak izuturik beren herritik urrun joan eta hizkuntza atikoa hitzegiten ez zutenak.

Atena-n bertan esklabutza lotsagarri bati loturik nagusi beldurgarrien menpean zeudenak ere askatu egin nituen.

Honela eta agindua nuen bezala, azken muturreraino iritsi nintzen.

Lege berdinak idatzi nituen noblearentzat eta noblea ez zenarentzat haien arteko ezberdintasunak kontutan hartu gabe, eta modu zuzen batean bakoitzari berea emanez. (SOLON).